Arroarrek joan zen ostiralean eman zioten ongi etorria Sakulupe parkeari, herritar guztien topaleku izatea nahi duten guneari. Arroa biziberritzeko abiatu zuten prozesu parte-hartzailearen emaitzetako bat da Sakulupe, auzotarrek, Zestoako Udalak eta OinHerrik elkarrekin gorpuztutakoa. Prozesuaren nahiz egitasmoaren inguruko xehetasunak ezagutzeko asmoz, Auzo Elkarteko kideekin solasean aritu da UROLA KOSTAKO HITZA.
Arroako bizilagunek uztailaren 16an eman zioten ongi etorri ofiziala Sakulupe parkeari, belaunaldi, jatorri eta genero guztien topalekuari. Arroa biziberritzeko aspaldi hasitako bidean emandako urrats bat gehiago da Sakulupe; Zestoako Udala, OinHerri eta auzotarrak elkarlanean eta elkarrekin gorpuzten ari diren proiektua, bertako bizilagunen beharrak asetu nahi dituena. Parkea ez dago bukatuta, eta Auzo Elkarteko kideek azaldu dute bidea hasi besterik ez dela egin. Egitasmoaren nondik norakoak gertutik ezagutzen ditu Miriam Aizpuruk, eta hark kontatu ditu proiektuaren hastapenak.
Prozesu parte-hartzailearen fruitua
Arroako eskola berriaren ondoko zelaian dago gaur egun Sakulupe parkea dena. Lehen zelai soil bat zen, baserritar batek mantentzen zuena. Eskola Txikien Festa tarteko, erabiltzen hasi zirela kontatu du Aizpuruk: “2017ko Eskola Txikien Festarako asko erabili genuen eskola ondoko zelaia, eta ohartu ginen leku hark gauza pila bat egiteko aukera eskaintzen zuela”. 2019an, Auzo Elkarteak prozesu parte-hartzaileak sustatzeko eskaria egin zuen Zestoako Udalean, herri hezitzaileen ikuspegitik proiektu berriak martxan jarri eta bide horretan pausoak eman nahi zituelako.
“Eskola berria eraikita zegoenez, hutsik gelditu ziren ordura arte haurrek erabiltzen zituzten lokalak, eta horiei beste erabilera bat ematea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen”, azaldu du Aizpuruk. Hausnarketa horren oinarrian beste hausnarketa bat ere bazegoen: Arroa biziberritzeko eta bizitzeko lekua izateko beharra. “Ohartu ginen geroz eta gehiago ginela kanpoko herrietatik Arroara bizitzera joan ginenak, baina jabetu ginen askorentzat lo egiteko leku soila zela. Horregatik, auzoa biziberritzeko prozesua jarri genuen martxan, herritarrak saretuz eta udalarekin elkarlanean”, adierazi du Auzo Elkarteko kideak. Horrenbestez, bizilagunen iritzia ezagutzeko prozesu parte-hartzailea jarri zuten martxan, eta ondorio argia atera zuten. “Herritarrentzat elkarguneak sortu nahi genituen, neguko aisirako guneak nahiz udako aisirako guneak. Beraz, Zestoako Udalarekin jarri ginen harremanetan, eta azaldu genion lokalak egokitu nahi genituela auzolanean, horiei erabilera berria emateko. Era berean, udako topaleku bat sortzeko nahia ere agertu genion udalari”.
2019an egin zuten eskaria Zestoako Udalean, eta, era berea, Auzo Elkarteko kideak harremanetan jarri ziren Oinherrirekin, herri hezitzaileak sustatzeko elkartearekin nahiz HiritikAt enpresarekin. “Saretze prozesua ireki genuen, herriaren hitza ahalik eta zabalen jasotzeko. Gainera, udalak 2020 urte bukaeran hitzarmena sinatu zuen Oinherrirekin, besteak beste, Arroako gaian sakontzen hasteko”, azaldu du Aizpuruk.
HiritikAtekoekin barne bilerak egin ostean, 2021ko martxoan ekin zioten berriro Arroa nola biziberritu pentsatzen jarraitzeko prozesu parte-hartzaileari, Zestoako Udalarekin elkarlanean, lokalei zer erabilera eman zehazteko, ekintzak antolatzeko protokoloa egiteko nahiz kultur egitarauaz arduratu zen mahaiaz hausnartzeko. “Maiatzean hasi ginen parkera begirako prozesu parte-hartzailearekin. Umeekin batzar irekiak egin genituen, haien beharrak identifikatzeko , lehentasunak zehazteko eta interbentzioa nola egin pentsatzeko”, kontatu du Aizpuruk. Orduz geroztik lanean aritu dira lekuari forma ematen, auzolanean, eta udal brigadaren laguntzaz.
Auzotar guztien topaleku
Sakulupe parkea belaunaldi, jatorri eta genero guztien topaleku izatea nahi dute auzotarrek, horregatik eman diote garrantzia handia parte-hartze prozesuari. Auzo Elkarteko kideen hitzetan, parkea “integratzailea” izatea nahi dute: “Herri hezitzaileen prozesuaren barruan, parkea denentzat integratzailea izango den lekua izatea nahi dugu; auzotar guztiek erabiliko duten gunea izatea, jatorri guztietako bizilagunek tokia izango dutena, denentzat erosoa izango dena, denok gustura joango garen topalekua. Parkea garrantzitsua da, baina prozesua ezinbestekoa, horri esker zehaztu baititugu beharrak eta lehentasunak; gainera, elkar harremantzeko balio izan du”.
Horrenbestez, hainbat gai mahaigaineratu eta behar zehatzak identifikatu dituzte prozesuan zehar. Besteak beste, haurretan, gazteetan nahiz helduetan jarri dute arreta. “Haurrek, esaterako, udan jolasteko leku bat nahi zutela jakinarazi zuten; urarekin harremana izango zuen leku bat. Sakulupe ondoan erreka dago, baina industriagune batetik igarotzen den erreka da. Beraz, errekarekin hartu-emana izateko Ura agentziarekin ere harremanetan jarri gara”, azaldu du Aizpuruk.
Era berean, paseoak sortzeko beharra identifikatu zuten prozesu parte-hartzailean: “Jolaserako eremua egokitzeaz gain, paseoak sortzea garrantzitsua zela ondorioztatu genuen; izan ere, Arroan paseorako gune bakarra poligonoa da. Gainera, auzoan ohitura handia dago paseorako, baina denak sakabanaturik ibiltzen dira; batzuk alde batera eta besteak betera. Beraz, paseorako lekuak egokitzea eta adinekoentzat ariketak egiteko gunea edo parkea jartzea ere pentsatu dugu”.
Kezka sortzen dien beste taldetxo bat ere badago, gazteena, hain zuzen. Arroako haurrek hamabi urte bete arte dute auzoan ikasteko aukera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ondoko herrietako eskoletan egin behar izaten baitute. Aizpuruk azaldu duenez, gaztetxoek Zumaiara jotzen dute gehienetan, 22 urte bete arte. “Esan daiteke, nolabait, belaunaldia galdu egiten dela, eta auzoa biziberritzeko prozesuan zehar garrantzia handia eman zaio belaunaldi hori berreskuratzeari.
Hori dela eta, lokaletako gune bat gazteei uztea erabaki dute, gaztelekua izango dena, beraiek autogestionatzeko-eta. Parkeari dagokionez, beraiek ere hartu dute parte prozesuan, eta azaldu dute lagunartean lasai egoteko gunea nahi dutela, mahaiekin eta gauean ilunpean lasaiago egoteko balioko diena.
Guraso Elkarteak ere egin du ekarpena parkean, eta diru partida bat bideratu du lekuaren egokitzapenera; izan ere, “eskolan identifikatutako behar batzuk asetzeko aukera” ere ematen du parkeak: “Lehen hezkuntzakoen jolaslekua asfalto hutsa da, eta hori egokitu bitartean, zelaiak aukera ugari eskaintzen ditu. Hori dela eta, ate bat ireki dugu eskolatik zelaira. Izan ere, Sakulupe parkea eskolaren eta herriaren arteko besoa izatea ere nahi dugu”, dio Aizpuruk.
Etorkizunerako ere badituzte ideia berriak, auzoa biziberritzera bidean aukera asko eskaintzen baititu egokitzen hasi ziren zelaiak. Horregatik, parkearen zati bat gordeta dute, etorkizun batean baratzeak egiteko: “Txara denda ere prozesuaren beste adar bat da. Uste dugu zelaiak aurrera begira aukera ugari eskaintzen dituela, esaterako, baratzeak egiteko. Baratze horiek kooperatibako ekoizpenera begira egin dezakete ekarpena. Beraz, zelaian leku bat gordeko da baratzeak egiteko”.
Adin guztietako bizilagunak aritu dira auzolanean Sakulupe egokitzen, baina oraindik hasi besterik ez dira egin. Elkarrekin ereindakoaren fruituak elkarrekin dastatu zain geldituko dira, urratsez urrats auzoa biziberritzen duten bitartean.