Haurren Kontseilua udalerriko alkatetzaren aholkulari organo izaera edukiko duen haur taldea izango da. Zumaiako hiru eskoletako 14 haurrek osatuko dute, eta hilean behin bilduko dira, herriaren inguruko beraien iritzia plazaratzeko.
9 eta 11 urte bitarteko Zumaiako 14 lagunez osatutako taldea izango da Haurren Kontseilua, alkateari euren proposamenak eta aholkuak emango dizkiona. Hilabetero elkartuko dira partaideak, eta urtean behin alkatearekin zuzenean bilduko dira. Hala, Haurren Kontseiluak tokiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegia emango diete alkatetzari, pertsona helduei herrian egon daitezkeen arazoei buruzko aholkuak eta proposamenak emanez. Zentzu horretan, Zumaiako Udalak talde horren proposamenak entzuteko eta baloratzeko konpromisoa hartu du.
Joan zen urrian Oinherri egitasmora eta Haurren Hiria sarera batu zen Zumaia. Udalak "Herri hezitzailea" izateko konpromisoa hartu zuen lankidetza hitzarmen horiekin. Haurrentzako eta haurrekin sortutako herri bat izatea suposatzen du horrek, haurren kulturaren aitortzatik abiatuta. Gainera, halako sareetan parte hartzeak haurraren ikuskera berri bat dakar: haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, eskubidedun herritartzat aitortzen da.
Ikuspuntu horretatik sortutako herri batek herritar guztiontzako dakartza onurak. Izan ere, haurrak edo bazterretako bestelako pertsonak erdigunean jartzeak bestelako praktika eta egiteko moduak dakartza. Halaber, herri hezitzaile hori balio hezitzaile batzuen gainean landu nahi dute (berdintasuna, aniztasuna, partehartzea, euskara...).
Kontseiluaren eraketarekin, besteak beste, umeen partaidetza bultzatuko dituzten iniziatibak martxan jartzea da Udalaren asmoa, eta, haurrei ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna ematea.
Alkateak bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu die Herri Eskolako, Oikiako Eskolako eta Zumaiena ikastetxeko 4. eta 5. mailako haur guztiei. Parte hartu nahi dutenek eskolan adierazi beharko dute, eta guztien artean, zozketa bidez, 14 laguneko taldea osatuko da. Hilean behin bilduko da taldea, eskola orduetan.
Zozketan ateratzen diren haurren familiekin harremanetan jarriko da Zumaiako Udala, Solasgune enpresako dinamizatzailearekin batera kontseiluaren inguruko informazio bilera egiteko. Kontseilua urrian zehar eratuko da, eta urriaren 25ean egingo du lehenengo bilera.
Kontseiluan parte hartzen duten pertsonek beren ikuspuntu, interes eta behar partikularren berri emango dute, eta ez dute beste inor ordezkatuko, ezta eskola ere. Hala ere, Kontseiluaren ondorioen berri eman ahal izango dute beren eskoletan. Urtero, taldeko zaharrenek (5. mailakoek) kontseilua utziko dute, beste batzuei lekukoa emanez. Aurtengoa lehenengo urtea izanik, 5. mailakoek ikasturte bakarra egingo dute kontseiluan.
Kontseiluaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, ane@solasgune.com helbidera idazteko gonbita luzatu dute.