Herri hezitzaileen gaiari heldu diogu apirilean eta esperimentu bat garatzen ari gara egunotan. Herriko haur eta gaztetxoen eskura jolaserako material desegituratua jarri eta behaketan ari gara: zer erabiltzen dute, non, nola... Ikusitakoak pista asko emango dizkigu plazako diseinu berria osatu ahal izateko.
Apirila, plaza eta parkea, herri hezitzailearen ikuspegitik
“Ertzetik Erdira-Espazio sorkuntza auzolanez” egutegiari jarraiki, larunbat honetan Zaldibiako plaza eta parke ingurua, herri hezitzailearen ikuspegitik eraikitzen jarraitzeko beste pausu bat abiatu genuen. Eraikitzeko beste modu bat badagoelako eta hau praktikara eramateko garaia delako.
Otsailean espazioa zaintzaren ikuspegitik irakurtzen saiatu gara, martxoan ikuspegi feminista txertatu dugu eta larunbatean jolasa eta hezkuntzaren betaurrekoekin hasi gara plaza aztertzen.
Horretarako, goizean plazan bildu ginen herriko haur, nerabe, gazte, guraso eta herritarrak. Bertatik, herriko komertzio eta baserritara joan ginen jolasteko material ezberdinak lortzera. Denetariko materiala bildu genuen; xiringak, gurpilak, egurrezko bobinak, kaxak, xiringak, hodiak, gaztainak, oskolak, sokak, oihal zatiak, plastikozko tapoiak, txapak, aulki batzuk eta abar luze bat.
Dena plazara ekarri ondoren, hurrengo egunetan topagune bihurtu den txabola eraikitzen amaitu eta kanpotik pintatu genuen. Ondoren materialarekin jolasten hasteko txanda iritsi zen, segituan ikusi genuen jolasteko era asko bururatzen zitzaizkiela haur eta nerabeei.
Burutzen ari den tailer honek, behaketa ahalbidetzeko helburua du. Herritarren portaera behatu, haurrak plazako zein eremu erabiltzen duten gehien ikusi, nerabeak zein elementu naturalekin jolaste diren aztertu… Teoriatik praktikara pauso bat ematea da gakoa. Txabolan dauden elementu guztiak mugigarriak direnez, plazako eremu osoan jolasteko eta eremu guztia erabiltzeko aukera ematen dute. Honela, benetan ikusi dezakegu non mugitzen diren haurrak eta zer behar duten gaur egun ezagutzen ditugun parke estatikoez haratago.
Jada ondorio batzuk jaso ditugu; urarekin jolastea gustatzen zaiela hodi eta xiringekin, beraz uraren presentzia garrantzitsua dela esan dezakegu, plazako eremu osoan jolastea gustuko dutela, ez bakarrik parkea dagoen eremuan, material berdinekin jolas ezberdinak egiten dituzte, beraz materialek horretarako aukera eman behar dute, ezin dira zurrunak izan…
Zaldibiako espazio publikoa diseinatzeko garaian, herritar guztiak kontutan hartuko ditugu, horregatik tailer honetatik ateratako ondorioak gidalerro izango ditugu plaza eta parkea diseinatzerako garaian. Askotan, horrelako prozesuetan, haurrak eta nerabeak kanpoan uzten dira, eta era honetara “ertzean“ daudenak, “erdira“ ekarriko ditugu.
Beraz, behaketa lan hau herritar guztien ardura da. Gonbita luzatuta dago plazara inguratu, bertako materialak erabili eta buruari buelta batzuk emateko, etorkizunetako plaza eta parkearen erabileraren eta diseinuaren inguruan.
Gogoratu materiala plaza eta parke eremuan erabiltzeko dela eta behin erabilita txabolan gorde behar dela.