Duela hilabete batzuk, Hiruki Larroxa|k Oinherriko batzarrean Sexualitatearen gaia lantzen hasteko proposamena egin zuen. Orduztik lantaldea aktibatu eta gaiari forma ematen ibili gara. Eta monografikoa, bide horretan lehenengo geltokia izan da, honen helburua guztion artean nahi dugun norabidea eta oinarria adostea izan delarik.
Irailaren 21ean, Oinherri osatzen dugun eragileetako kideok, Sexualitatearen inguruko monografikoaren aurkezpena jasotzeko aukera izan genuen Hiruki Larroxaren eskutik. Izan ere, duela hilabete batzuetatik hona, sexualitatearen lanketari forma ematen aritu da Oinherriren baitan sorturiko lantaldea. Lantalde horrek, ezinbestekoa ikusten zuen lanketa bera abiatu aurretik Oinherri osatzen dugun eragileetako kideen artean oinarri eta norabide amankomun bat zehaztea. Hala bada, joan den ostegunean 40 pertsona inguru batu ginen oinarrion inguruan hausnartzen.
Aurkezpenari dagokionez, Hiruki Larroxako kide den Ibai Fresnedok, bloke ezberdinetan bereizi zuen saioa. Batetik, atal teorikoa landu genuen, egungo jendartean sexualitatea bizitzeko dugun modua landu genuelarik, baita heziketa sexualaren gaiari heldu ere. Eremu hauen inguruko azalpenak eman ondoren, teoriatik praktikara eman genuen urratsa, izan ere, lantalde honen helburu nagusia, hezitzaileek eskuragarri izango dituzten tresna eta baliabide praktikoak sortzea da. Hori horrela, talde txikitan bereizi eta egun hezkuntza ez formalean eman daitezkeen kasu errealetan kontuan izan beharreko osagaiak eta egoera desberdinen aurrean eman beharreko urratsak jaso zituen talde bakoitzak. Urrats horiek, amaieran, talde handiarekin elkarbanatu ziren.
Aurrerantzean, lantaldeak amankomunean ezarritako oinarri horren gainean, bideorri bat sortuko du, urratsez urrats, baliabide zein tresna praktiko desberdinen bilduma bat osatuko delarik. Hala bada, norbaitek bertan parte hartu nahi izanez gero, anima dadila lasai.